Ondarea

Megalitoak

Urepel-Ibañetako triku-harrien multzoaren zati bat Luzaideko dermioan dago.

Aipagarriak dira baita ere Lauriña izeneko trikuharria eta Lehertzako harrespila.

Ibañetako “Summus-Portus”-a pasabidea izan omen da historiaurretik, aurkitu diren erromatarren garaiko zenbait materialek hala erakusten baitigute: botozko aldarearen zatia,I. Mendeko zeramika puskak.

Galtzada errmatarra

Azken urteetan Aranzadi Zientzia Elkartea Nafarroako Pirinioetako hainbat udalerrirekin lanean aritu da Erromatar garaiko galtzada eta inguruko aztarnategiak ikertzen. Azken emaitzen arabera esan dezakegu Pirinioak zeharkatzen zituen erromatar galtzadaren ibilbidea aurkitu dela. Aurkikuntza bidean topatu eta industuriko 6 miliario erromatarrei esker ziurtatu ahal izan da (bidea markatzen zituzten harrizko seinaleak). Bide hori Eromatar garaian eraiki eta erabili zen, eta ondorengo garaietan ere erabiltzen jarraitu zen errepide berriak egin ziren arte. Karlomagnok ere, seguruenik bide honetatik egin zuen ihesi Baskoiek bere tropak erasotu zituztenean.

Erromatar garaiko galtzada Zangotzatik iritsiko zen aurrepiriniora, Irati ibaiaren ertzetik, hain zuzen ere. Ekairen (Longida ibarra) parean Urrobi ibaiaren arrora pasako zen eta Auritz eta Orreaga zeharkatu ostean, Ibañetako lepora iritsiko zen. Ondoren, Luzaidetik jaitsiko zen Burdigalarantz (egungo Bordelerantz). Garai hartan iberiar penintsula eta Akitania lotzen zituen bide garrantzitsuenetarikoa izanen zen.

Azken urtetan galtzada erromatarraren inguruan ikerketa eta indusketa ezberdinak egin dira, bidearen inguruan zeuden guneak ikertzeko. Horien artean aipagarrienak Zalduako aztarnategia (Auritz/Burguete) eta Artzikoa (Artzibar/Valle de Arce) dira. Bi eremu hauetan erromatar garaiko asentamenduak aurkitu dira. Ikerketak oraindik ere martxan daude.

Galtzadaren zati bat musealizatuta dago egun Artzibarreko udalerrian zehar, guztira 26,6 kilometro egin daitezke oinez edo bizikletaz. Informazio gehiago Artzibar Udaleko webgunean aurkituko duzu edo galtzadaren ibilbideari buruzko APPean.

Artzibarreko web gunea: http://www.valledearce.com/eu/calzada-romana/

App “Valle de Arce”: https://play.google.com/store/apps/details?id=eu.akting.artzibar&hl=es

Arkitektura zivila

Irauzketa
Luzaiden eraiki zenlehenengo etxea (1.100. urtearen inguruan). Haren menpe zegoen Erromesen Hospitala, sorburuan Irauzketako San Juan Eliz-Hospitala zena. Gaurregun elizaren aurrrean dago.

Erreklusa
Luzaidetik hiru kilometrora dagoen baserria, Ibañetako bidean. Herriko antzinenetakoa da; XIII. mendetik aurrera baserri honi buruzko dokumentu aunitzetan aipatzen da ermitaria zeukan aterpea zela eta baita gaurko Gainekoleta auzoko sorburua izan zitekeela ere.

Ezkila
Gaurko Nabarlaz etxea erromesen aterpetxea izan zen 1.259. urtetik aitzina eta Orreagaren menpe zegoen. “Ezkila” deitzearen arrazoia izan daiteke erromesak gidatzeko ezkila bat zeukala. Inguruan burdin-ola bat zegoen.

Mokosail
Kondairaren arabera eraikuntza honen inguruan Karlomagnok kanpatu zuen bere ejerzitoarekin. Xakean partida bat jolasten zuen bitartean Errolanek gatazka galdu zuen.

Capairon
Irauzketako omonierraren etxe zaharra zen. XIV eta XV. mendeetan hospital-aterpetxe bezala erabilia izan zen, Elizaldea auzoan.

Gorosgarai
Erdi Aroan Ondarrolatik Ibañetako bidean zegoen azkeneko eraikina izan zen. Gaurregun eraikina borda xume bat besterik ez da (argazkia) eta XIII. mendean aterpetxe bezala erabilia izan zen.

Erlijio arkitektura

SANTIAGO APOSTULUAREN ELIZA. Konbentzio gerran suntsitua izan zen eta 1.799 eta 1.802. urteen artean berriro eraiki zuten. Eliza zaharraren harri landu bat gordetzen da eta Erakusketa Zentroan dago ikusgai. 1.859ean klaustroa eta dorrea berritu zituzten. Nabea hiru zatitan banatzen da eta elizburua pentagonala da..

URREGINTZA, ERRETAULAK ETA PINTURAK. Herriko elizan XIX. mendeko zenbait urregintza lan ikus daitezke. XVIII. mendeko zilarreko Prozesio-Gurutze bat ere gordetzen da bertan, eta Isturizek 1.908.ean egin zuen erretaula. Elizan Enrique Zubirik margoturiko Santiagoren olio pintura bat gordetzen da ere.

Baselizak

Ibañetako San Salvador
Jakina da baseliza hau 1.071.ean bazegoela. “Errolanen Kantan” aipatzen da haren izena. Baseliza honen ezkilak erromesak gidatzen zituen lainoa zegoen egunetan. 1.884.ean aurri-egoeran zegoen eta 1.965.ean gaurko baseliza modernoa eraiki zuten.

Sta. Magdalena
Landa eraikina, 1.976.ean berreraikia. Nabarmentzekoa da harensinpletasuna eta baita kubo forma duen aldarea; aldareak lauburu bat dauka aurrealdean

Eskulturak

Erromesaren monumentua
Jorge Oteiza eskultorearena, herriaren erdigunean dago. “Europako Bideko” erromesen ohorean egindako estatuak Santiagora doazen erromes guztien oroigarri izan nahi du.

Bordel bertsolariaren Monumentua
Luzaideko bertsolaria izan zen Juan Echamendiren, Bordel, bustoa. Herriko ikastetxetik oso hurbil dago. Cesareo Soulek egin zuen. 1985.ean Bordeli egin zitzaion omenaldian inauguratu zen.

Ibañeta

Ibañeta beti izan da leku oso berezia Luzaiderentzat eta baita inguruko herritarrentzat ere. Luzaideko herriak Orreagarekin muga egiten duen lekua da, eta beti izan da igarobide oso garrantzitsua.

Historian zehar pasabide hau oso erabilia izan da, eta garai bakoitzak bere aztarnak utzi ditu bertan egun memoria gune bat bilakatuaz. Erromatar garaian, esate baterako, eremuan okupazioren bat egongo zela pentsatzen da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlarien lanagatik jakin badakigulako galtzada erromatarra bertatik pasatzen zela. Gainera 1953 urtean Luis Vázquez de Parga ikerlariak erromatar garaiko ara edo aldare bat aurkitu zuen Ibañetan. Hori izan zen inguru honetako erromatarkuntza aditzera eman zuen lehenengo aztarna fisikotakoa. Gaur egun aldare hori Luzaideko Erakusketa Zentroan dago ikusgai, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariek Orreagan erromatar galtzadan bertan aurkitu eta industu zuen miliarioarekin batera.

Hurrengo mendeetara so eginaz esan behar dugu Karlomagno bertatik pasa zela bere tropekin eta bertan izan zela baskoiengatik garaitua, eremuari izaera berezia eman zion pasartea dugu hau dudarik gabe. Chanson de Roland-en aurkikuntzak ere eremuan eragingo du, izan ere 1934an monumentu bat eraikiko da Monumento a la Paz de los Pirineos deituko dena. Erakusketa Zentroan monumentu horren zati original bat dago ikusgai. Eraiki eta urte gutxira erori zen eta azkenik urte batzuk geroago Nafarroako Diputazioak Ibañetako lepoaren atontze lanak bultzatu zituen, lehenik San Salvador ermitaren zaharberritzearekin 1965ean, eta bigarrenik, Errolanen Monumentua eraikiaz 1967an.