Lehena Donejakue bidean

Donejakue bidea Luzaiden

Muga zeharkatuta erromesek topatzen duten Nafarroa garaiko lehen udalerria da Luzaide. Bertatik Donejakue bideko bi bariante ezberdin pasatzen dira:

  • Beheko Bidea edo haitzartekoa: Luzaide herria zeharkatu eta Ibañetaraino igotzen da Orreagara iristeko. Oso ezaguna da Europa guztian Errolanen Kantuak (Chanson de Roland) aditzera eman zuen istorioa, Karlomagnoren tropak Luzaidetik pasatzerakoan baskoiengatik garaituak izan zirela kontatzen duena. Herria zeharkatzen duen Donejakue bidea hartuta, Karlomagno garaitua izan zeneko baso eta bideak zeharkatuko ditu erromesak. Gainera, urte guztian zehar irekita dago eta neguan Goiko Bidea baino seguruagoa da.
  • Goiko Bidea: Donibanetik atera eta Astobizkarreraino igotzen da handik Orreagara jaisteko. Neguan elurteengatik sarritan itxita egoten denez, urtaro horretan Beheko Bidea hartzea gomendatzen da. Hala ere udaran paraje ederrak eskaintzen ditu. Bide honi Napoleonen Bidea deitu izan zaio, Soult mariskalaren artilleria garraiatzeko handitua izan zelako.

Luzaide leku estrategikoan dago, ibar hostotsu eta malkartsuz inguratua; Donejakue bidearen ataria da, bidezidorrak, txangoak, paisaiak eta zerbitzuak eskaintzen dizkizu, bidaia nahi duzun moduan antolatu eta Pirinioez goza dezazun.