Luzaideko Bolantz Iantzak ezagutzen ahal dituzu? Pazko Igandean, Bolanteen Egunean, Luzaide kolore, dantza eta festaz betetzen da. Dantza hauek euskal bazter guztietan dira ezagunak. Tokiko bizilagunentzat ez da dantza soila, tradizioa ere bada, etxe guztietan bizi-bizirik dagoena eta belaunaldiz-belaunaldi maitasun handiz transmititzen dena. Sentimendu handia darie ikasitako pauso bakoitzari, herri oso baten izaera adierazten baita dantzaren bidez “barne-barnetik”. Festa honetako pertsonaia mota aberatsak eta anitzak, dantzen edertasunak eta jantzi eleganteak Luzaideren erakusgarri bihurtu dira.
Luzaideko dantzariak ezagunak dira Pirinioetako bi aldeetan. Herritik kanpo Luzaideko ordezkari bezala kontsideratuak izan dira, pertsonaiak mota askotakoak direlako eta arropa dotorez jantziak ateratzen baitira eta dantzatzen dituzten dantzak xarmangarriak direlako. Dantza aunitz gorde dira gaurregun arte eta horiek dantzatzen dituzten pertsonaiak hauek dira: ziratepekoak, gorriak, zapuriak, makilariak eta bolantak; guzti
hauen atzetik atxo ta tupinak joaten dira.
- Bolant-iantzak: dantzariak plazan sartzen direnean dantzatzen duten dantza da. Haraino Martxadantzatzen joaten dira. Gero, plazan, Bolant-iantza dantzatzen dute.
- Jauziak: biribilean dantzatzen dira, erlojuaren orratzen mugimenduaren aurka. Dantza oinekin bakarrik dantzatzen da, gimnasia mugimendurik egin gabe.
- Kalapita-iantzak: plazan dantzatzen ez ziren dantzak, ongi pasatzeko bakarrik dantzatzen ziren: xarmantia, kadera-iantza, irri-iantza, argi-iantza eta baso-iantza.
- Makilarienak: makila da dantza honetako protagonista. Makilari bakoitzak, makila eskuetan, bueltak ematen dizkio, lepo ingurutik, hanken azpitik, …
LUZAIDEKO IANTZENTZAT HAINBAT MOMENTU GARRANTZITSU.
- 1967. Emazteak (emakumeak) lehen aldiz Bolant Egunean parte hartuko dute. Orduz geroztik ospakizunean txertatu dira, urteetan zehar hainbat dantzetan partehartzen eta beztimenta sanjatzen joan badira ere.
- 1977. Migel Angel Sagaseta Ariztegik Luzaideko ddantzak/Danzas de Valcarlos liburua argitaratuko du, Bolant ddantzen inguruko ikerketa sakona.
- 2012. Luzaideko Bolantak Nafarroako Kultur Ondasun Inmaterial izendatuko dira Nafarroako Gobernuaren 2012ko martxoaren 28ko akordioaren bitartez.
- 2019. Luzaideko Erakusketa Zentroan Bolanteek gune txiki bat dute haien beztimentak eta historia herritarrei eta bisitariei erakusteko.
GEHIAGO JAKIN NAHI?
Gure herriko Bolant iantzen inguruan gehiago jakiteko bisitatu Erakusketa Zentroa, Dantzaatlasa edo kontsultatu Migel Angel Sagasetaren Luzaideko ddantzak/Danzas de Valcarlos liburua. Eta noski, gonbidatuta zaude gure dantzak gertutik ikustera pazko igandean!