Galtzada erromatarra

Azken urteetan Aranzadi Zientzia Elkartea Nafarroako Pirinioetako hainbat udalerrirekin lanean aritu da Erromatar garaiko galtzada eta inguruko aztarnategiak ikertzen. Azken emaitzen arabera esan dezakegu Pirinioak zeharkatzen zituen erromatar galtzadaren ibilbidea aurkitu dela. Aurkikuntza bidean topatu eta industuriko 6 miliario erromatarrei esker ziurtatu ahal izan da (bidea markatzen zituzten harrizko seinaleak). Bide hori Eromatar garaian eraiki eta erabili zen, eta ondorengo garaietan ere erabiltzen jarraitu zen errepide berriak egin ziren arte. Karlomagnok ere, seguruenik bide honetatik egin zuen ihesi Baskoiek bere tropak erasotu zituztenean.

Erromatar garaiko galtzada Zangotzatik iritsiko zen aurrepiriniora, Irati ibaiaren ertzetik, hain zuzen ere. Ekairen (Longida ibarra) parean Urrobi ibaiaren arrora pasako zen eta Auritz eta Orreaga zeharkatu ostean, Ibañetako lepora iritsiko zen. Ondoren, Luzaidetik jaitsiko zen Burdigalarantz (egungo Bordelerantz). Garai hartan iberiar penintsula eta Akitania lotzen zituen bide garrantzitsuenetarikoa izanen zen.

Azken urtetan galtzada erromatarraren inguruan ikerketa eta indusketa ezberdinak egin dira, bidearen inguruan zeuden guneak ikertzeko. Horien artean aipagarrienak Zalduako aztarnategia (Auritz/Burguete) eta Artzikoa (Artzibar/Valle de Arce) dira. Bi eremu hauetan erromatar garaiko asentamenduak aurkitu dira. Ikerketak oraindik ere martxan daude.

Galtzadaren zati bat musealizatuta dago egun Artzibarreko udalerrian zehar, guztira 26,6 kilometro egin daitezke oinez edo bizikletaz. Informazio gehiago Artzibar Udaleko webgunean aurkituko duzu edo galtzadaren ibilbideari buruzko APPean.

Artzibarreko web gunea: http://www.valledearce.com/eu/calzada-romana/

App “Valle de Arce”: https://play.google.com/store/apps/details?id=eu.akting.artzibar&hl=es